Castellano Euskara Ingles Catalán
Lesaka Bidea Z/G - 20180 Oiartzun - 943 58 00 10 - info@arritxulo.org

AIAko harria parke naturalean kokatuta

Arritxuloko
Historia
Oiartzundik, GI-3420 errepidetik igarotzen gara Nafarroara, Aritxulegi eta Agina mendateak zeharkatuz. Errepide honek 19 kilometro egiten ditu baserri sakabanatu gutxi batzuk dauden mendietan zehar, basoetan sartzen den trazadura bihurgunetsu batetik, hormetan eta kontrahormatan eusten dena amildegietara jaisteko eta ospe beltzeko tunel bat zeharkatzen duena. Errepide honek 10.300 biztanleko herri bat (Oiartzun) eta 2.760 biztanleko beste bat (Lesaka) lotzen ditu. Lehenago ere joan zitekeen batetik bestera, Bidasoako errepide nazionaletik. Horrelako bi herri txikiren arteko bidea 15 minutu motzagoa egiteko egin al zuten halako obra, mendi hutsetatik barrena?

Ez. Errepide hori Gerra Zibilaren ondorio zuzena da. 1936ko abuztuan, tropa frankistak Bidasoatik Irunera jaisten ari zirela, errepublikanoek Endarlatsako zubia lehertu zutela ikusi zuten, eta Oiartzunera eta handik Irunera iristeko mendietan zehar martxa neketsu bat egitea beste erremediorik ez zuten izan. Bidasoako ibilbidea oso babesgabea zela egiaztatu zuten. Beraz, gerra amaitu zenean, hemen errepide bat eraikitzea erabaki zuten, Aritxulegi eta Aginako pasabideetatik, tropak Donostia eta Bidasoa artean mugitzeko alternatiba gisa. Ez zuen zentzu zibilik, ez zuen inoiz erabilera militarrik izan, baina lau mila presok ireki zuten pikotxaz, palaz, dinamitaz eta karretilez errepide malapartatu hau.

Aritxulegiko tunela, mendatearen gailurrean bertan, sufrimendurik latzenen eszenatokia izan zen. Presoek granitoa eskuz zulatzen zuten ordu luzez, kartutxo batzuk jarri eta leherketak egin ahal izateko. Xebe Sistiaga bezalako lekukoek azaldu dutenez, tunela zulatzen egunero hirurogei zentimetro aurreratu behar zuten; zigorren, aparteko orduen eta gose gehiagoaren mehatxupean. Segundo Pagadizabalek, 1948an tunela inauguratzera etorri zenean Franco ikusi zuen gurdizainak, batzuetan esklaboren bat bere baserrira nola iristen zen gogoratzen zuen:
"Erdi hilik zetozen, zurbil-zurbil, arrastaka. Gazta pixka bat eta ardo pixka bat ematen genien, eta berpiztu egiten ziren. Arbi bat aurkitzen bazuten, zuritu eta gordinik jaten zuten. Artaburuak ere gordinik jaten zituzten: krak-krak-krak..."
Oiartzunen ugari dira mendian zebiltzan langile fantasmagoriko haien oroitzapenak, goseak jota, oinutsik, tifusa, sarna eta tuberkulosiarekin, makilakadak mendian gora eta behera. Haietako batek ihes egin zuenean, militarrek zazpi aukeratu zituzten ausaz, eta fusilatu egin zituzten. Gorpuak
esku-ohe inprobisatuetan jaitsi zituzten, bi makilekin eta manta batekin. Gorpuak mendian behera kulunkatzen ziren, Joxe Maia bizilagunak gogoratzen zuenez, eta horrela eraman zituzten Errenteriako hilerrira. Bere heriotza-aktak udaletxean daude.


Gutxi izango dira pedalei eragiteko leku gozoagoak esklaboen errepide hau baino: Aritxulegiko jaitsiera Endarako urtegiraino, lau kilometroko igoera pagadian zehar Aginako gaineraino, jaitsiera bihurgunetsua Lesakaraino.
Aztarna bat jarraitzen duenak eskerrak eman behar ditu. Errepide hau zeharkatzen dugun txirrindulariok gutxienez historia kontatzea zor dugu.
Aritxulegiko Trabajadoriak
Gerra 1939an amaitutzat eman eta gutxira Franco diktadoreak Pirineoak gotortzeko planari ekin zion (“Linea P”) 1942 arte iraungo zuelarik. Lan hauetarako eskulana noski bando frankistak preso zituen milaka lagunek egin behar izan zuten “Batallón de trabajadores” izenpean bilduta, egoera bortitz eta muturreko baldintzetan.
Azpiegitura lan hauek egiteko 550 “langile bataloi” sortu zituzten. 60 baino gehiago Euskal Herrian zeudelarik eta horien artean, Oarsoaldean zehazki, 18 antolatu zituzten. Guztira 12.500 pertsona inguru, 4 urtez egon ziren lanean errepide eta gotorlekuak eraikitzen. Lan horien emaitza ditugu egun Pikoketako, Aritxulegiko, Lanbarreneko eta Jaizkibelko errepideak besteak beste.
​
Oiartzunen trabajadore batailoiak 3 kanpamendutan bereizi zituzten. Gurutze auzoan kokaturik zeuden “Babilonia” eta “Arkale” eta Ergoiengo “Aritxulegi”. Errepide taktiko gisa egiten aritu ziren Gurutzetik Lanbarrenera doan bidea, Sistiagatik Aiako Harrian barrena Erlaitzera dijoana eta Ergoiengo auzotik Lesakara doan bide eta tunelak. Gaur egun herritarrak erabiltzen ditugunak.
Hemen, Aritxulegi kanpalekua zegoen, 4.000 trabajadore bildu ziren bertan eta hauen lana Arditurriko meategira joateko bide gurutzetik Lesakaraino doan errepidea eraikitzea izanzen. Aterpetxe ondoan topatzen den tunelean egin zuten topo Nafarroako langile bataloiarekin, eta honela 25km inguruko bidea eraiki zen.
Indar lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra: ogi gutxi eta makilakada asko. Oiartzungo Learren ezarri zuten Ospitaletik langile asko pasa ziren, eta askok heriotz zigorra ere izan zuten. Horien lekuko dira, Aritxulegiko kanpalekuan kide baten ihesaldi baten ondorioz fusilatu zituzten 8 trabajadore: Felipe Ledesma Cano; Manuel Baucells-Sola; Antonio Lopez de Dios; Mariano Calvo Herrador; Francisco Murillo Davila; Jose Sanchez Molero; Jose Sirena Inza eta Antonio Lopez Fernandez. 1940ko otsailaren 12ian izan zirelarik erailak auzo honetan.